Alderdi Eguna 2001
Salburuako zelaietan ospatutako Alderdi Eguna, jaiaren 25. urteurrenarekin bat eginez. Peru Ajuriaren dohaintza eta Euskal Abertzaletasunaren Museoan gordea
Data: 2001eko irailaren 30a
Negatiboa
2001: "Hitzetatik ekintzetara" — Salburuko azken oparia
2001eko irailaren 30ean ospatu zen urte hartako Alderdi Eguna, jaiaren 25. urteurrena ospatzeko aukera emanez. Salburuan bertan, obrak abian izanik ere, toki txiki bat prestatu zen XXI. mendeko lehen Alderdi Eguna ospatzeko, ohiko zelaia baino txikiagoa izan arren eta aparkalekuak urrunago jarri behar izan ziren arren. Hala ere, 2001eko Alderdi Eguna jendetsua izan zen, berriz ere 100.000 lagun inguru bilduz.
Urtea, politikoki, oso korapilotsua izan zen: batzuentzat, euskal abertzaletasunarentzat hil ala biziko hauteskundeak izan ziren maiatzeko horiek. ETAk berriro indarkeriari ekin zion, Lizarran lortutako adostasuna bertan behera geratuz, eta PPk zein PSOEk areagotu egin zuten Lizarrako akordioaren aurkako kanpaina. Egoera horretan, EA eta EAJren hautagaitzak maiatzaren 13ko hauteskundeetan lortutako emaitza historikoa ospatzeko, jeltzaleek beraiei egindako oparia zen Alderdi Eguna, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak mitinean adierazi zuen bezala.
Aukeratutako lema, "Hitzetatik ekintzetara", jeltzaleak hauteskundeetan emandako aginduak gauzatzeko prest zeudela adierazi nahi zuen, antolakuntzako arduraduna zen Xabier Agirre buruzagiak egun batzuk lehenago azaldu zuen bezala.
Ohi bezala, EGIk zabaldu zuen Alderdi Eguna, egun batzuk lehenago, "Autodeterminazioaren alde" lemapean egindako akanpadarekin, non ekitaldi nagusiak Ibarretxe Lehendakariarekin izandako solasaldia, manifestaldia eta erromeria izan baitziren.
Igandean, eguraldiak ere jaiarekin bat egin zuen: hego-haizea eta tenperatura altua izan ziren, eta txosnek beren ohiko eskaintza gastronomikoa eman zuten. Lehen ekitaldien ostean, ongietorria eta meza eman ondoren, udal erakundeen eta agintarien desfilea egin zen.
Tribunan, lehen Alderdi Egunaren 25. urteurrena gogoratzeko, aurreko 24 Alderdi Egunen kartel gogoangarriak ipini ziren.
Ikurriñaren igoerak zabaldu zuen ekitaldi politikoa, non bertaratutakoak Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren eta Xabier Arzalluzen hitzekin bibratu baitziren. Haien adierazpenek ohiko iskanbila sortu zuten ondoren, batez ere Ibarretxerenak, PPk elkarrizketari uko egiten bazion eta ETAk hiltzen jarraitzen bazuen, autodeterminazioari buruzko herri-kontsulta modu bat deitzeko zalantzarik izango ez zuela adierazi baitzuen. Geroko erreakzioen artean nabarmendu zen Carlos Iturgaiz Alderdi Popularreko presidentearena, Salburuan bildutako 100.000 lagunak "aldeanos" deituz.
Gonbidatuen artean, ohi bezala Xabier Arzalluzek mitinean aurkeztuak, katalanak, galiziarrak, mallorkarrak, kanariarrak, korsikarrak, kurduak eta Bioko uharteko ordezkariak zeuden.
Aurten tonbolak bi milioi pezeta bildu zituen, Eusko Laguntza GKEri emanak, Peruko kaleko haurrentzat bideratu zituena.
Etxera itzultzean, jeltzale militanteek burua jiratzen zuten Salburuko zelaiari azken agur bat emateko, azken hemezortzi urteetan abertzaleen topagune izandako lekuari.
1 orrialdetatik 1.a, 14 elementutatik 1.etik 14.era