Alderdi Eguna
Alderdi Eguna 2000
Milurtekoko azken Alderdi Eguna irailaren 24an ospatu zen. Zurrumurrua zabaldua zen: agian Salburuko zelaietan ospatuko zen azken Alderdi Eguna izango zen, aurreikusitako obrak gero eta hurbilago baitzeuden. Aurrerantzean, 1984an ibiltaritza amaitu zenetik hurrenez hurreneko Alderdi Egunen egoitza izan zen leku hori ordezkatzeko toki berri bat aurkitu beharko zen.
ETAk su-etenari amaiera emateko erabakia hartua zuen, eta Lizarran lortutako batasun abertzalea bere bukaerara iristen ari zen. EAJk eta bereziki Ibarretxe Lehendakariak eta bere gobernuak jasotzen zituzten etengabeko erasoek hauteskunde-deialdi laster baten susmoa ematen zuten.
Herrialdearen bakegintza agertzen zen gogo nagusi gisa, aukeratutako lemak islatzen zuen bezala: "Gure bidetik, bake bidetik".
Igandean, Alderdi Egunaren ospakizunean, Salburuko zelaian ikusgai zeuden pegatina askoren artean, ugariena "Ibarretxe aurrera" idatzia zeramana izan zen. Bitxiagoa zen beste batek, alderdi popularreko Carlos Iturgaitzen aurpegiarekin batera, umorezko esaldi bat zeramala. Beste batzuetan Sabino Aranaren irudia agertzen zen, edo askatasuna zein euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen zuten.
Ikurriña Tere Agirrek —Jose Antonio Agirre Lehendakariaren arrebak— eta Ricardo Uriarte Ibaizabal batailoiko medikuak igo zuten.
Ipinitako 30 txosnetan, ohitura zen bezala, era guztietako pintxoak, janariak eta edariak eskaintzen ziren: Nafarroako txistorrak, Santutxuko tortilla, Arabako Errioxako ardoa, Getariako txakolina, Gernikako piperrak, Ordiziako gazta eta abar. Guztira, egun osoan zehar, 20.000 bazkari eman ziren.
Mitinean Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak eta Xabier Arzalluzek hartu zuten hitza.
Antolatzaileen esanetan, 100.000 lagun bildu ziren Salburuan, ETAk su-etena apurtu eta Euskal Herrira berriro iluntasuna ekarri zuen urte hartan.