Alderdi Eguna
Alderdi Eguna 1999
1999ko Alderdi Eguna irailaren 26an ospatu zen Salburuko zelaietan, "Ilusioz beterik. Con ilusión" lemapean. Lizarrako Hitzarmenaren sinadurak eta ETAk emandako su-etenak zabaltzen zituzten garai berriekin lotu zen Euzko Alderdi Jeltzalearen ospakizuna. Juan Jose Ibarretxeren lehen Alderdi Eguna izan zen Lehendakari gisa, eta berak osatutako gobernu berriak ere ilusioz betetzen zituen jeltzaleak.
Hogei egun lehenagotik, hogeita hamar boluntario aritu ziren muntaketan eta antolakuntza-lanetan: egunez azpiegiturak (txosnak, oholtza...) jartzen zituzten, eta gauez zaindari lanetan aritzen ziren, lapurrak "izutzeko". Guztira 32 txosna eta 25.000 jatorrentzako 50 jantoki jarri ziren.
Ohiko ekitaldiez gain, aurten Asturiasetik berariaz etorritako gaitari-talde batek ere parte hartu zuen.
Ikurriña igotzeko ohorea Carlos Clavería nafar buruzagi historikoari, Mariano Nuñezi eta Angel Barturen, hainbat ekitaldi jeltzaleren antolakuntzan aritutako ezaguna denari, egokitu zitzaien.
Tonbolan bildutako dirua Eusko Laguntza GKEk eta Gurutzeko San Pablo Ordenako Ahizpa Pasionistek Kolonbian gauzatzen zuten proiektu batera bideratu zen. Antolatzaileek emandako datuen arabera, bertaratutakoak 100.000 lagunen bueltan finkatu ziren jada, eta hizketagai nagusietako bat hurrengo urteetarako Alderdi Eguna ospatzeko toki berri baten beharra izan zen, Gasteizko Udalak Salburuko zelaian aurreikusitako obrak zirela eta.