Argazki funtsa

Alderdi Eguna

Menua Bildumak ikusi

Alderdi Eguna 1998

1998ko Alderdi Eguna irailaren 27an ospatu zen Salburuan, Gasteizen, "Denbora berriak, erantzun berriak" lelopean.

1998: "Denbora berriak, erantzun berriak"

1998ko Alderdi Eguna Salburuko zelaietan ospatu zen, irailaren 27an. Bi gertaerak markatu zuten edizio hau: alde batetik, ETAk su-etena iragarria zuen, indarkeriaren amaierarako aukera zabalduz; bestetik, hurrengo hauteskunde autonomikoetarako, Jose Antonio Ardanza Lehendakariak ez zuen aurkezteko asmorik, eta bere lekuan Juan Jose Ibarretxe zen hautagaia.

Bi gertaera horiek ekitaldi guztien ardatz izan ziren, aukeratutako lemak islatzen zuen bezala: "Denbora berriak, erantzun berriak".

Bezperan, EGIko gazteek antolatutako akanpadan, omenaldia eskaini zitzaion Ardanza Lehendakariari.

Igandean, 2.000 lagunentzako paellak eta 36 txosnek eskainitako janariek eguna alaiagoa egin zuten. Berrikuntza gisa, Polisario Frenteak jarritako txosna izan zen aurten. Arrakasta handia izan zuten baita ere hauteskundeetarako egindako pin tandem-formakoek.

Ekitaldi politikoa hasi baino lehen, ikurriña Edurne Galarza eta Jose Maria Otxoa de Txintxetruk altxatu zuten, Aberriaren eta Alderdiaren aldeko lana eskertzeko omenalditxo baten bidez. Mitinean, Juan Jose Ibarretxe Lehendakarigaiak izan zuen bere lehen agerraldia oholtzan, oso txalotua izanik; Jose Antonio Ardanzak, Lehendakari gisa izandako azken hitzaldia eskaini zuen; eta Xabier Arzalluzek ere hartu zuen hitza, euskal herritarrok Espainiako Konstituzioan sartzen ez ginela adieraziz, hurrengo egunetan eztabaida handia sortuz.

Antolatzaileek emandako datuen arabera, 100.000 lagun bildu ziren, 16.000 autobusez eta 60.000 kotxez etorriak. Tonbolak ere arrakasta handia izan zuen; bertan bildutako dirua Bogotako Madre Esperanza erakundeari eman zitzaion.