Alderdi Eguna 1987
Alderdi Eguna 1987 - Salburua
Dohaintza: Peru Ajuria
1987ko Alderdi Eguna irailaren 27an ospatu zen Salburuan, "Zatoz zu ere" lemapean. Urte hartan, EAJk barne-hausnarketa sakona egin zuen "Abertzaletasuna 2000rako" izenburupean, Zestoako Ezohizko Aberri Batzarrarekin amaituz. Lema hark adierazten zuen jeltzaleek euskal gizarte osoari besoak zabaldu nahi zizkiotela.
Egun berak, ordea, minaren aztarna ere ekarri zuen: goiz hartan bertan, Donostian, poliziako kide bat hil zen eta beste sei zauritu, kotxe-bonba baten eztandaren ondorioz.
Ospakizunaren aurreko egunetan, EGIk antolatutako kanpalekura ia 6.000 lagun hurbildu ziren, euskarazko hitzaldi-lehiaketa, futbito partidak, sokamuturra eta zine-emanaldiak ere izan zituela. 70 lagunek hartu zuten parte antolakuntza lanetan, eta igandeko ospakizunean, 33 txosna jarri ziren —Gipuzkoako 15, Bizkaiko 13, Arabako 3 eta Nafarroako 2—, orduko errekorra hautsiz.
Ohiko egitaraua errepikatu zen: meza, desfilea, herri-kirol erakustaldia, kantu eta soinu tradizionalak, eta azkenik mitina, non Manu Allende, José Antonio Ardanza eta Xabier Arzalluzek hitz egin zuten, azken honek "Geurea da" abestuz amaituz. Antolatzaileen arabera, 13.000 auto eta 692 autobus bildu ziren, 100.000 lagun inguru 60.000 metro koadroko campan; "Egin" egunkariaren kalkuluen arabera, ordea, 35.000 lagun inguru izan ziren.
Kanaria uharteetako, CDC eta UDCko, Partido Galeguistako eta Belgikako Alderdi Sozial-Kristauko ordezkariak izan ziren gonbidatu artean.
1 orrialdetatik 1.a, 9 elementutatik 1.etik 9.era