Argazki funtsa

Funtsezko pertsonak

Euskal abertzaletasunaren kontakizunean ezinbestekoak diren pertsonen aurpegi eta istorioak, haien ideia, ekintza eta konpromisoek arrasto sakona utzi baitzuten gure herrian.

Menua Bildumak ikusi

Jesús María de Leizaola Sanchez

Jesus Maria Leizaola Sanchez (Donostia, 1896ko irailaren 7a – 1989ko martxoaren 16a) euskal herritar politikari, legelari eta idazle bikaina izan zen. Jose Antonio Agirreren ondoren, Eusko Jaurlaritzako bigarren Lehendakaria izan zen exilioan. Bere bizitza osoa euskal kulturaren defentsari, justizia sozialari eta autogobernuaren iraupenari lotuta egon zen, euskal gizartean «Lehendakari Zarra» bezala maitatua eta errespetatua izanik.

Lehen urteak, prestakuntza eta lehen konpromiso abertzalea

Donostiako Getaria kalean jaio zen, familia aski erosoko hirugarren semea izanez. Haurtzaroan bere amonaren ahoz ezagutu zituen gerra karlistak, eta familiaren liburu-dendari esker Sabino Aranaren inguruko lehen nazionalistekin harremana izan zuen. Lekarozko Ikastetxean ikasi ondoren, Zuzenbide karrera egin zuen Valladolideko Unibertsitatean, 1915ean lizentziatuz.

Urte horretan bertan, Gipuzkoako Diputazioan hasi zen lanean letradun gisa. 1919an Bilboko Udaleko Ogasun Saileko buru izendatu zuten, eta urte berean Comunión Nacionalista Vasca (CNV) alderdian afiliatu zen. 1922ko irailaren 16an, Gernikan, Euskal Unibertsitatea sortzearen aldeko manifestazio baten buru izan zen Alfontso XIII.a erregearen aurrean; horregatik, Guardia Zibilak atxilotu eta Amorebietaraino oinez eraman zuen eskumuturrak lotuta.

II. Errepublika eta Estatutuaren aldeko borroka

1931n, II. Errepublika aldarrikatu berritan, mugimendu munizipalista jarri zuen abian Jose Antonio Agirre eta beste kide batzuekin batera. Urte berean eta 1933an Gipuzkoako diputatu hautatu zuten. Madrilgo Gorteetan paper aktiboa izan zuen Konstituzioaren idazketan, eta bertan Miguel de Unamunoren euskal Estatutuari buruzko iritziak kritikatu zituen, Eliza katolikoaren defentsa sutsua eginez.

1932an, indar politiko guztien arteko elkarbizitza vrebalbide bultzatu zuen Bilboko eta Santurtziko ezkerreko erasoen ostean. Halaber, EAJren ordezkari izan zen Estatutuaren proiektua idazteko batzordeetan. 1935ean, diputatu akta utzi eta Gipuzkoako Diputazioko idazkari plaza lortu zuen, nahiz eta izendapenak polemika handia eragin zuen Estatu mailan.

Gerra Zibila: Eusko Jaurlaritza eta Bilboko azken defentsa

1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpeak Donostian harrapatu zuen, eta Errepublikaren aldeko hautua egin zuen. Donostiako ebakuazio baketsu eta ordenatuaren arduradun nagusietako bat izan zen. 1936ko urriaren 7an, Agirre Lehendakariak Justizia eta Kultura Sailburu izendatu zuen lehen Eusko Jaurlaritzan. Agirreren konfiantzazko gizon nagusia bihurtu zen.

Bere sailburutzatik mugarri historikoak lortu zituen:

  • Lehen Euskal Unibertsitate Publikoa: 1936an Medikuntza Fakultatea sortu zuen Bilboko Basurtuko Ospitalean, euskara goi-mailako prestakuntzan modu ofizialean sartuz.

  • Justizia eta giza eskubideak: Presoen bizi-kalitatea bermatu zuen eta espetxeen zaintza zintzoa egin zuen, baita preso-trukeak bultzatu ere.

1937an, Bilboko azken defentsaz eta hiriaren ebakuazioaz arduratu zen Junta buru izan zen, eta matxinatuak sartu baino ordu batzuk lehenago arte egon zen hirian, ondasunak eta presoen bizitzak babestuz.

Erbeste luzea eta Lehendakaritza (1939-1979)

Frantziara eta Ameriketara exiliatuta, euskal errefuxiatuak laguntzen lan eskerga egin zuen. 1960ko martxoaren 28an, Jose Antonio Agirre hil zenean, Lehendakari karguaren zin egin zuen Donibane Lohizunen.

Lehendakari gisa, nazioartean frankismoaren torturak salatu zituen eta 1970eko "Burgosko Prozesuan" eragin handia izan zuen, Vatikanoraino iritsiz, heriotza-zigorrak indulta zitezen presio eginez. 1974an, modu klandestinoan sartu zen Hegoaldera Aberri Eguna Gernikan ospatzeko.

Itzulera, azken urteak eta idazle ondarea

1979ko abenduaren 15ean, 40 urte baino gehiagoko exilioaren ostean, Euskadira itzuli zen. San Mamesen milaka pertsonak harrera hunkigarria egin zioten, eta biharamunean, euskal botere historikoak Carlos Garaikoetxea Kontseilu General Vasvoko presidenteari eskualdatu zizkion ekitaldi sinboliko batean. 1980an Eusko Legebiltzarreko parlamentari hautatu zuten, baina laster utzi zuen politika aktiboa gazteei bidea uzteko.

Idazle oparoa izan zen, euskal literaturari, poesiari eta ekonomiari buruzko lan ugari argitaratuz (horien artean, Estudios sobre la poesía vasca edo La marina civil vasca). Bere obra osoak lau liburukitan bildu ziren.

1989ko martxoaren 16an hil zen Donostian, 92 urte zituela, bihotzeko batek jota. Haren hileta Santa Maria Basilikan egin zen, Donostiako Gotzaindegiak Artzain Onaren Katedrala ukatu ostean. Haren gorpua Polloeko hilerrian lurperatuta dago, euskal askatasunaren eta herri baten iraupenaren ikur gisa.

Euskal Abertzaletasunaren Museoa. Jesus Maria Leizaola Euskal Abertzaletasunaren Museoa. Euskal I. Mundu Biltzarra Euskal abertzaletasunaren museoa. I. Euskal Mundu Biltzarra Euskal Abertzaletasunaren Museoa. Euzko Jaurlaritza erbestean. Euskal Abertzaletasunaren Museoa. Euzko Jaurlaritza erbestean. Leizaola Lehendakari Paris Orly aireportuan Euskal Abertzaletasunaren Museoa. Alderdi Eguna 1983 Leizaola Lehendakaria Jesus Maria Leizaola, Lehendakari Zaharra Euskal abertzaletasunaren museoa. I. Euskal Mundu Biltzarra

1 orrialdetatik 1.a, 10 elementutatik 1.etik 10.era