Gerra Zibilaren lekuko isila: Andres Etxebarria Etxebarriaren pieza
Gerra Zibilaren hasieraren 90. urteurrena dela eta, Euskal Abertzaletasunaren Museoak balio historiko eta emozional berezia duen pieza bat sartuko du uztail honetan Bitxiak gunean. Andres Etxebarria Etxebarria gudariarena izan zen objektu hori, eta gerra osoan zehar izan zuen lagun. Euskadiren historiako pasarte garrantzitsuenetako batzuen lekuko zuzena izan zen.
Andres Etxebarria Etxebarria Zornotzan jaio zen 1918ko apirilaren 3an. 18 urte besterik ez zituela, Gerra Zibila piztu ondoren, mobilizatu egin zuten eta Euzko Gudarostean sartu zen, Arana Goiri batailoiko Alkartze konpainiako kide zelarik.
Gerra garaian hainbat borrokatan parte hartu zuen, besteak beste, Lemoatxeko batailan, Lemoa Haitzeko bataila bezala ere ezagutzen dena, 1937ko udaberrian Bizkaian izandako borroka gogorrenetako bat. Bilbo erori ondoren, Kantabria aldera erretiratzen jarraitu zuten, eta italiar tropek Santanderren preso hartu zuten. Ondoren, kontzentrazio esparru batean sartu eta Iruñeko espetxera eraman zuten, eta bertan hainbat hilabete eman zituen. Epaitu ondoren, armada frankistan sartzera kondenatu zuten, eta ondoren Teruelgo guduan parte hartu zuen.
Hilabete honetan aurkezten dugun pieza objektu pertsonala baino askoz gehiago da. Euskadiren defentsan borrokatu zuten eta, Andres Etxebarriak bezala, gerraren, gatibualdiaren eta errepresioaren ondorioak pairatu zituzten milaka euskal gaztek bizitako esperientziaren testigantza materiala da.
1996ko otsailaren 20an zendu zen Andres Etxebarria Etxebarriaren bizitza gogoratzeaz gain, gure ondare kolektiboaren parte den historia duen belaunaldi oso baten oroimenari balioa eman nahi dio museoak Bitxiak erakusketa honen bidez
Fitxa teknikoa:
Data: 1936
Inbentario zk.: 99/0036
Etxebarria Etxeita familiak emandakoa