Aita Mariren ikurrina ontzian
Ikurrina Euskal Abertzaletasunaren Museoari eman zitzaion, eta, 2026ko apirilean, Aita Marik Bilboko Portura egin zuen bisita dela-eta, zenbait orduz itzuli da ontzira.
Espazio berri bat irekiko dugu Nor gara gu? erakusketan. Gure webgunean ere ikus dezakezu.
Erakusketa iraunkorraren edo denboralearen parte ez den pieza, objektua, elementua... izango da, baina museoaren bildumaren parte edo beste erakunde baten mailegua da.
"Bitxiak" txokoan ikusi ahal izango duzu, eta modu iragankorrean egongo da ikusgai hilabetez.
Aita Mari proiektua 2017an jaio zen, Mediterraneo Erdialdeko krisi humanitarioari erantzun humanitario bat emateko premiazkotasunetik. Jatorriz pasaitar atuneroa zena, boluntarioen, elkarteen eta erakundeen laguntzari esker, erreskate-ontzi bilakatu zen. Desguazera bidean zegoen ontzi bat bizitzak salbatzeko tresna bihurtzea izan zen Salvamento Marítimo Humanitario (SMH) GKEaren lorpen handienetako bat.
Ontziaren izenak, gainera, euskal itsas-historiaren elkartasunik handiena omentzen du: Jose Maria Zubia "Aita Mari". Zumaian jaio eta Donostian finkatutako patroi honek bere bizitza eman zuen 1866an, ekaitz baten erdian itotzen ari ziren arrantzale batzuk salbatzen saiatzen ari zela. Bere ausardiak eta sen solidarioak mende bat eta erdi geroago bizirik dirau Mediterraneoko uretan, non proiektuak 700 pertsona baino gehiago erreskatatu dituen jada.
Nerea Machadok (SMH) gogorarazi digun bezala: “Ama Lurra denona da eta gizaki orok libreki mugitzeko aukera izan beharko luke”. Aita Mari ez dago itsasoan "salbatzaile" gisa soilik, oinarrizko eskubideen urraketa salatzeko eta gizatasuna interes partikularren gainetik jartzeko ere bada.
Zergatik Aita Mariren Ikurriña gure Museoan?
Hilabete honetan gure "Bitxiak" erakusketa efimeroan ikusgai dagoen Ikurriña honek zubi-lan bat ordezkatzen du. 2021eko Sabino Arana Sarietan, Fundazioak proiektu hau saritu zuen euskal gizartearen elkartasuna nazioartean zabaltzeagatik. Gala hartan, SMHko kideek Ikurriña hau Museoari eman zioten, gure herriaren izaera solidarioaren lekuko gisa.
Berriki, ontzia Bilbora iritsi denean, Iñigo Mijangos kapitainarekin, Amaia Iguaran presidenteordearekin eta Alberto Cardoso erreskatatzailearekin elkartu gara Karola garabiaren ondoan, pieza honen garrantzia berresteko eta maiatzeko erakusketa hau aurkezteko.
Museoen Nazioarteko Eguna 2026: Museoak mundu banatu bat batzen
2026ko Museoen Nazioarteko Egunerako (maiatzak 18), ICOMek hautatutako goiburua "Museoak mundu banatu bat batzen" da.
Euskal Abertzaletasunaren Museoan uste dugu Aita Mari proiektuak ezin hobeto irudikatzen duela ideia hori, Garapen Iraunkorreko hiru Helburu (ODS) hauekin bat eginez:
Aita Marik itsasoan itxaropen zubi bat eraikitzen duen bezala, Museoak gure historia eta egungo erronka humanitarioak lotzen dituen espazioa izan nahi du.
Gure gizartean zubiak eraikitzeko asmoz, ekimen bereziak prestatu ditugu maiatzaren 18tik 22ra:
Ate Irekien Astea: Maiatzaren 18tik 22ra, Museorako sarrera doakoa izango da bisitari guztientzat. Gure historia eta kultura denei hurbiltzeko aukera paregabea.
Bisitarientzako Oparia: Aste honetan zehar gurekin bat egiten duten lagun guztiek oroigarri berezi bat jasoko dute opari gisa.
Maiatzeko Bitxia: Aita Mariren Ikurriña: Hilabete osoan zehar, erakusketa efimeroan Mediterraneoan bizitzak salbatzen dituen Aita Mari ontziaren Ikurriña izango dugu ikusgai. Proiektu honek ezin hobeto irudikatzen du mundu banatu batean gizatasunak duen indar batzailea.
Zatoz gurekin ospatzera eta ezagutu mundua batzen duten istorioak!
1 orrialdetatik 1.a, 20 elementutatik 1.etik 20.era