Bitxiak

Sabin Etxearen maketa Azaroa 2025

Eraikinaren Historia: Sabin Etxea, Euskal Abertzaletasunaren Sorburu eta Sinboloa

Sabin Etxearen historiaren abiapuntua 1857an kokatu behar dugu, Santiago Arana Ansotegik — garai hartan Nerbioi ibaiaren inguruan zegoen ontziola baten jabeak— familiaren Etxea Abandoko Elizatean eraikitzea erabaki zuenean, Ibañez de Bilbao 10.ean. Etxea  estilo neoeuskalduna deitutakoaren arabera eraiki zuten.

Etxe hartan jaio zen Sabino Arana Goiri 1865eko urtarrilaren 26an. Bertan jaio eta hazi zen, eta bertan piztu zitzaion euskal abertzaletasun sena; etxeko lorategian paseoan zebilela Sabino Aranak Euskal Herriaren historia eta antzinako legeak ikastea erabaki zuen. Bere aberri bakarra Euskadi zela ohartu zen eta gerora  Alderdia bihurtuko zen mugimendua hastea erabaki. Ondoren, 1893ko ekainean, Sabino Aranak bere pentsamendu politikoa publikoki adierazi zuen lehen aldiz Begoñako Larrazabal baserrian, gerora “Larrazabalgo zina” deiturikoan.

Eraikinak, sinbolo bihurtuta, hainbat erasoaldi jasan zituen Alderdiaren fundatzailea hil aurretik. 1898. urtean espainiolistek deitutako manifestaldi bat  amaitutakoan, harrika egin zuten haren kontra. Etxeko barruko aldean laurogei bat harri batu ziren. Sabino Arana, Ikurrinaren sortzaileetako bat, Sukarrietan hil zen 1903ko azaroaren 25ean, oraindik 38 urte besterik ez zituela. Ondoren, etxeak hainbat jabe izan zituen eta 1906an Máximo Chávarri Larrea industrialariak erosi zuen.

Jardun abertzalearen topagune nagusia

1931. urtean Bigarren Errepublika aldarrikatzearekin batera, Sabin Etxea, sinbolo emozionala izatetik jarduera politikorako topagune izatera igaro zen. 1931ko uztailean Bilboko Zabalguneko abertzaleek eraikina alokatu eta batzoki  eta beren erakundearen egoitza nagusi bilakatu zuten. Era guztietako aktibitateak egiten hasi ziren, hauen artean euskara eskolak, hitzaldiak eta dantzarien entseguak.

Ikurrina jasotzearekin batera hasi zen egoitza haren inaugurazio ofiziala 1932ko martxoaren 26an egin zen. Hurrengo egunean, 1932ko martxoaren 27an, Bilbon egin zen lehenengo Aberri Eguna. Ospakizun honek errepresioa jasan izan du  hainbatetan. Esate baterako1933an, Bizkaiko Gobernadore Zibilak Sabin Etxean egiten ziren jarduera guztiak etetea agindu zuenean.

Sabin Etxea okupatuta eta eraitsita, eta ondorengo erresistentzia

Gerra Zibilean askotariko erasoak jasan zituen. 1936an frankisten hegazkinek lehergai bat jaurti zioten. Eraikinari ez zion kalte larririk eragin baina kalean zulo erraldoi bat egin zuen. Ondoren, 1937an frankistek Bilbo hartu zutenean, bahitu egin zuten eta Falange Española eta Auxilio Social izenekoaren egoitza bihurtu. “Etxe urdina” izenarekin ezagutzen zen, bertara sartzen ziren uniforme urdinengatik.

1960ko abenduan erregimen frankistak eraikina eraistea erabaki zuen, José Macián Pérez Bizkaiko Gobernadore Zibilaren aginduz. 1960. eta 1961. urte bitartean Sabin Etxea eraisteko egin ziren lanen helburu nagusia zen abertzaletasunaren arrasto guztiak betiko desagerraraztea. Horretarako, obra-hondakin batzuk gabarretan eraman ziren, itsasora botatzeko, eta beste batzuk Zabalburuko Plazako hondakinekin nahastu eta Larraskitun bota ziren. Segurtasun neurri zorrotzak jarri arren, abertzale asko adreiluak eta harri zatiak berreskuratzera joan ziren, toki haren memoria gorde nahirik. Harrezkero, orubea  hutsik egon zen bi hamarkadatan.

Etxera itzultzea eta Museoa

1979an, demokrazia berrezartzean, abertzaleek orubea berreskuratu zuten eta beren lehen etxera itzultzeko bidaia hasi zuten. Sabin Etxe berria eraikitzeko ideiari 1988an heldu zitzaion berriro. Lehiaketa jarri zen martxan eta Koldo Eguren Zendoia arabar arkitektoari egokitu zitzaion proiektua diseinatzeko erantzukizuna. Soiltasuna, indarra eta jatortasuna islatzea bilatu zuen, altzairua, porlana, harria eta egurra erabiliz.

Sabin Etxe berriko bulegoak  pixkanaka betetzen hasi ziren 1992ko urriaren erdialdean. Gaur egungo eraikinak 7.993 m²-ko azalera eraikia du eta bertan dira Bizkai Buru Batzarra, Euzkadi Buru Batzarra eta Euskal Abertzaletasunaren Museoa,  azken hau 2021eko azaroaren 30ean inauguratua.

Museoak  Sabin Etxe barruan dituen beira arasen barruan gordetzen dira euskal abertzaletasunaren aldeko erresistentziatik geratzen zaizkigun altxor batzuk. Hauen artean:

  • Etxearen jatorrizko balkoia, 1949an erdi ezkutuka berreskuratua eta gaur egun bitxi historiko gisa kontserbatua.
  • 1932ko inaugurazioko Ikurrinak zeramatzan “gorbatak”.
  • Batzokian kafea hartzeko erabili ohi zen jikara, tropa frankistak Bilbon sartu zirenean hartu eta gorde ahal izan zena.
  • 1898ko harrikatzeari buruzko datuak eskuz idatzita dituen egutegi-orria.
  • urteko eraisketa prozesutik berreskuratu ahal izan ziren teilak eta harriak.

Frankismoak euskal abertzaletasunaren memoria “lurperatzeko" egin zuen ahaleginak ez zuen bere helburua lortu; guztiz alderantziz, leku haren sinbolismoa areagotu  besterik ez baitzuen lortu. Sabin Etxearen eraikuntza  eta Museoa dira kemen historikoari etengabe egiten zaion gorazarrearen sinboloa.

Fitxa teknikoa

Fabrikazio-data: 2003

Inbentario zk.: 03/0871

Neurriak: 73 cm x 107 cm x 105 cm

Iñaki Ruiz Lakak egin eta dohaintzan emandakoa

 

Euskal Abertzaletasunaren Museoa - Sabin Etxea
Euskal Abertzaletasunaren Museoa - Sabin Etxea
Euskal Abertzaletasunaren Museoa - Sabin Etxea
Euskal Abertzaletasunaren Museoa - Sabin Etxea
Euskal Abertzaletasunaren Museoa - Sabin Etxea
Euskal Abertzaletasunaren Museoa - Sabin Etxea
Euskal Abertzaletasunaren Museoa - Sabin Etxea

“Ez dugu, nire ustez, arkitektura propiorik, baina bai arkitektura herrikoia, indartsua, sendoa, xumea, astuna, egonkorra, abegikorra, errespetuzkoa eta a zer kasualitatea! ideologia abertzalea hobekien definitzen duten helburuekin bat egiten duena bere ezaugarrietan”

Koldo Eguren, Sabin Etxeko arkitektoa

Euskal Abertzaletasunaren Museoa - Sabin Etxea Sabin Etxea: Gure aitaren etxea