Bitxiak
Isiltasunaren josturak Martxoa 2026
Elegantea eta erresistentea: 30eko hamarkadako kapelak eta Álava sarea
Hilabete honetan, Bitxiak atalak 30eko hamarkadako bi pieza apartak jantzi ditu, Euskal Abertzaletasunaren Museoan otsailaren 3tik martxoaren 12ra ospatuko den "Lauaxeta, ametsen egilea" erakusketarekin batera. Kapela hauek ez dira garai bateko modaren lekuko hutsak, Itziar Mujika Irastorza bezalako emakume ausart baten figura gogorarazten baitute, sombrerera profesioz eta Alava Sareko funtsezko kidea. Bera bezala, emakume askok beren asmamena eta lanbideak erabili zituzten erresistentzia eta espioitza lanetarako estalki gisa gerra eta gerraostean. Jantzi hauek beren identitatearekin eta herriarekin duten konpromiso sendoaren omenez.
Itziar Mujika Irastorza donostiarra da, abertzalea jaio zen une beretik. Berak esana da: “etxean ez genekien besterik; euskaldunak eta abertzaleak gara txiki-txikitatik”. Nahiko arrazoi kartzelaratzeko, zeren aita lehenago eta gerora nebak, izan baitziren edo bahituak edo erbesteratuak.
Lanbidez kapelagilea zen Itziar, sasoi hartan ohikoa zena. Lanbidea izebek zuten denda eta tailerrean ikasi zuen, “Múgica Hermanas modas” Donostiako Askatasunaren Hiribidean.
“Emakume langile Bazkuna” zen Nazaret sindikatuan 16 urte zituela eman zuen izena. Nazaretetik bidali zuten AVASC-ek antolatu zituen formazio kurtsoetan parte har zezan. Ikastaro horretan, apostolutza sozialerako ez ezik, langileen arazoei dagozkien gorabehera guztiak konpontzeko ere trebatu ziren.
Itziarrek dio beti izan duela beretzat hartuta giza arloa; Nazareten dedikatu egin zela behartsuak jagotenta gerra sasoian, egoera gogorrean zeuden familiak zaintzen.
Itziarrek gerran eta gerra ostean ere, laguntza eman zion behar zuenari, bizitza guztian egingo zuen moduan. Emakume Abertzale Batzako kide izan zen Donostian antolatu zenetik. Idazkari lanak ere egin zituen 1935 eta 1936an. EABk ekintza garrantzitsuak bultzatu zituen, emakumeen prestakuntzaz gainera, euskararen eta aberriaren aldekoak. Ezin ahaztu genezake gizarte-laguntza eta presoen babesa.
1937an Itziarrek alde eginda ditu nebak. Haien berririk heltzen ez zenez, aita Santoñara doa euren bila eta Itziar Baionara. Berarentzat ohikoa zena bestalde, ze, ofizioagatik sarritan joaten zenez Iparraldera, pasaportea indarrean izaten zuen. Baionan Eusko Jaurlaritzako informazio zerbitzutik eskatu zioten Santoñan, Dueson, gertatzen zenaz informatzeko. Handik etxera bueltan aitagandik jakin zuen hasiak zirela fusilamenduak.
Nahiko arrazoi Itziar Alava Sarean abiatzeko, espioitza lanetan.
Donostian geratuta, lanean jarraitu zuen kapelagintzan eta bide batez Alava sarearen bidez behar zen informazioa batu eta bidaltzen. Delia Lauroba, Teresa Verdes eta Bittori Etxeberria izan zituen bidelagun saretutako antolaketa lortu eta gizonezkoen ondoan lan egiten.
“Bakoitzak bere zeregina genuen, niri ekartzen zidatena bidali egiten nion Bitoriri, eta alderantziz. Bitorirekin harremanetan nengoen eta baita Teresa Verdesekin ere; hark bidaltzen zidan Bilbotik eramateko informazioa”.
“Ez zen izan presoak laguntzeko bakarrik, behar bada, hori hasiera izan zen, baina informatzaileak genituen, jende askok lagundu zigun, politikaz, langile mugimenduaz, ejerzituaren joan-etorriaz…Hau da, ahalik eta informazio gehien biltzen saiatzen ginen”.
“Francoren garaian izan genuen onena izan zen jende askok lagundu zigula gure lana egiten. Jendeak baldintzarik gabe laguntzen zuen”.
Barne Zerbitzua txostena jarraituta, Parisen zegoena eta alemanen eskuetara joan zena, sei hilabete eman zituzten sareko kideak identifikatzen. 1941eko urtarrilaren 18rako bazeuden detenituta.
Itziar eta beste 18 kide heriotza zigorrera kondenatzen dituzte. “Delito de espionaje y rebelión militar” da leporatu diotena. Galdetu diotenean hain kastigu gogorra jartzearen arrazoiagatik, Itziarrek erantzuna da “eurak España ziren eta gu Euzkadi. Eskarmentua eman behar zen”.
Itziar Mujika, Delia Lauroba, Bittori Etxeberria eta Teresa Verdes kartzelaratuta daude Madrileko Ventasen. Kartzelan ez daude geldi. Itziar eskolak ematen dabil, preso dagoen emakume askori irakurri eta idazten irakasten die. Patronatoan ere badabil umeentzako ekintza ludikoak antolatzen. Egin dezaketen guztia egiten dute, behar duenari odola eman ere bai. Emakumeei eman zien laguntzaz harro zegoen Itziar, pobreak zirela kontatzen zuen, errugabeak.
Kartzelatik atera arren deserriratuta daudenez elkarrekin Madrilen geratzea erabakitzen dute. 1944ko apirilaren 29ko kartan Teresa Verdesek esaten dio amari Itziar “Balenciagan” dabilela lanean, berriro kapelagintzan. Berak umorez kontatu zuenez, “Gora Euzkadi Askatuta”arri zion barnealdean erregimeneko emakume inportante baten kapelari. Urtea amaitu orduko etxera dator.
Ez da geldi geratuko. Itziarren familiakoak kontatzen digutenez, Santo Tomas Lizeoa ikastola eraikitzen ibili zirenean han zegoen Itziar behar zena egiteko prest, gurasoekin batera lanean eta irakasle lanetan ere bere musika tituluz baliatuz.
Nazareten emakumeak formatzen jarraitzen zuen, gau eskoletan. Eta helduentzako euskarazko eskolak ematen zituen, 1980ko hamarkadan utzi zituen arte.
Donostian hil zen 88 urte zituela 1992eko urtarrilaren 21ean.
* Album ilustratutik hartutako ilustrazioa: Red Álava. Ane Azkue Zamalloak, Iñaki Madariaga Gilek eta Cistina Madariaga Sánchezek egindako eta Arabako Foru Aldundiak argitaratutako 1936-1947 emakume ikusezinen sarea.
Ficha teknikoa
Cloche de panama. Lastozko txano beltza, zeta beltzezko satinezko begiztaz apaindua. Zeta beltzezko tafetan erdiforratua
Jon Gutierrez Irigoienek dohaintzan emana eta Euskal Abertzaletasunaren Museoan gordea.
Inbentario zenbakia: 08/0639.
Neurriak: Diametroa: 18/20 zm x altuera: 12 zm
Feltrozko emakume-txapela du, hegal txikikoa, eta tertziopeloak errematatzen du barrurantz; azken horrek, aldi berean, begizta handi batez apaintzen du txapela. Zeta beltzezko tafetan batez forratua. Jon Gutierrez Irigoienek dohaintzan emana eta Euskal Abertzaletasunaren Museoan gordea.
Inbentario zenbakia: 08/1630
Neurriak: Diametroa: 22/24 zm x altuera: 15 zm