ERAKUSKETA IBILTARIA
Emakumeak Aberria Eginez. Zarautz
Emakume Abertzale Batza (EAB) sortu zenetik, 2022an ehun urte bete dira. Mugimendu horren ekarpenak eta ibilbidea azaldu nahi izan ditugu, jakinik, seguru asko, Gerra Zibilaren aurretik Hego Euskal Herrian izan den emakume-erakunderik indartsuena gertatu dela. 1922an abiatuta laster izan zuen Primo de Riveraren diktaduraren etena. 1931ko maiatzean Bilboko EAB berrantolatu eta handik lasterrera, EABren egoitzak sortuz, Emakume Batzari biziberritze prozesuari sendotasuna eman zitzaion.
Zarautzen 1931ean abiatu zen EAB, azaroan izendatu zuten zuzendaritza. Banderaren onespenerako ospakizunak 1932ko maiatzaren 7 eta 8an burutu ziren. Egitarauak dionez, Eusko Etxeako txistularien biribilketarekin hasi zen jaia, iluntzean Euzko-Antzerkiarekin jarraitzeko. Antzezleen artean baziren EABko emakumeak. Igandeko meza nagusia Jose Ariztimuñok eman zuen –euskal idazle, kazetari eta elizgizon abertzaleak-. Bertan izan zen emakumeen banderaren onespena.
Merkatuan 300 bazkari zerbitzatu ziren, mahai buruan izanik, besteak beste, Zarautzeko EABko presidenta zen Arantza Barrena eta Miren Lazkano eta Mercedes Kareaga mitinlariak. Aipatzekoa da Lapurdi eta Zuberoako ordezkotza izan zela bertan, txalo zaparrada handi batekin hartu zutena.
Mitinean Polikarpo Barrenak abiatu zuenean, Karla Linazasoro (Altzeta), Telesforo Monzon, Jose Antonio Agirrerekin batera Mercedes Kareaga eta Miren Lazkano eibartarrak izan ziren. Emakume biak izan ziren mitinlari ospetsuak, aberriaren alde lan egindakoak. Erromeriarekin amaitu ziren EABren aldeko ospakizunak.