ERAKUSKETA IBILTARIA

Emakumeak Aberria Eginez. Amorebieta Etxano

1931ko maiatzean Bilboko EAB berrantolatu eta handik lasterrera, Bizkaiko zeinbait herritan EABren egoitzak sortuz, Emakume Batzari biziberritze prozesuari sendotasuna eman zitzaion. Hurrengo lau hilabeteetan Zornotzak abertzaletasunarekin lotutako egitasmo esanguratsu batzuk ezagutu zituen herrian bertan. Maiatzean, EAJren Batzokiaren inaugurazioa eta banderaren onespena; ekainean, euri-jasek baserritarrei eginiko lur-kalteen aurrean solidaritate sareak sortzeak eta diru-batzeak; abuztuan, Lauaxetaren hitzaldi aberkoia; irailean, bai ANVren Euzko-Etxearen inaugurazioa eta banderaren onespena, bai Ameriketako Abertzaleen Aldeko Omenaldi erraldoia. Izan ere, herrian abertzaletasunaren sentimendua indartuz eta gorpuztuz joan zen zornotzarrek ekimen aberkoien antolaketan parte hartzen zutelako. Horrela, urrian, bertako emakumeak Sorne Unzuetaren gidaritzapean bildu ziren Zornotzako EAB sortuz. Azarorako, 100 bat afiliaturekin, zuzendaritza eta batzordeñoen zereginak finkatu ziren. Banderaren onespena batzokian egin zen abenduaren 6an, bertan euren egoitza jarriz.

Jaungoikoa eta Lagi-zarra (JEL) doktrinan oinarriturik aberriaren aldeko proselitismoa egin zuten, indar berezia jarriz euskara eta euskal kulturaren hedapenean. Hezkuntza, horregatik, funtsezkoa zen. Lan nabarmena burutu zuten hezkuntza informalean (musika, dantzak, kantak, antzerkia, formazio ikastaroak….) zein hezkuntza formalean (Euzko Ikastola 1933an sortu zen). Jantzitegia ere martxan jarri zuten. Afiliazio kopurua sendotuz joan zen, 1935eko maiatzerako kopurua bikoiztea lortu baitzuten. Afiliatuen lana sekulakoa zen gerra zibilaren etenera arte. Ordutik aurrera, EABko kide askok jarraitu zuten lanean, baina oraingoan lan-ezkutuan, gudari zein familia larritasunean, kartzelan zein erbestean zeudenek lagunduz.

  • Presentziala

Amorebieta Etxano

27 -(e)tik otsaila -(e)tara 17 martxoa -(e)tatik

Zelaieta Kultur Etxea